NAIZEN

Resultado de imagen de naizen Apirilaren 12an Naizen elkarteko hitzaldia jaso genuen. Naizen elkartea Adingabe Transexualen Familien Elkartea da, eta transexualitateari buruzko hitzaldiak ematen dituzte leku ezberdinetan.

Hitzaldi hau 2 lagunek aurkeztu ziguten bi zatitan banatuz. Alde batetik, teoria eta haur transexual baten gurasoen esperientzia; eta bestetik, unibertsitateko mutil baten kasu erreal bat ezagutu genuen.

Hitzaldiari hasiera emateko elkartearen zuzendariak, Aingeru Mayorrek, Naizen elkartearen sorrera azaldu zigun eta bertako partaide, guraso, haur, familien… zenbait esperientzia kontatu zizkigun. Bertan ikusi genuen moduan, oso prozesu luzea eta gogorra da haur transexualarentzat eta haien familientzat. Hau da, haur askok txikitatik dakite nolakoak diren, baina gurasoek, aldiz, zailtasunak dituzte edo ez dute hau ikusi nahi, beldurrez. Beldur handiena haien seme-alabei kalera ateratzerakoan zer gertatuko zaien, eskolan baztertuko duten, zer komentario jasan izan beharko dituzten… izaten dira.

Aingeru Mayorren ustez, irakasle on batek haurra akonpainatu egin behar du, haurra entzun eta berarekin enpatizatu. Beti egongo dira epaitzen duten begiradak, eta ziurrenik haur hauek beti jasan beharko dituzte, adibidez, mutila ala neska zara? bezalako galderak. Baina zein da benetan nahi dugun gizartea? Haurrek galdera horiek entzungo dituzten gizarte bat edo galdera horiek pentsatu ere egiten ez diren gizarte bat?. Gure gizartea eta eskola haur guztiak errespetatzen dituen eta benetan denentzako lekua izan behar duen eskola eta gizartea izan behar da.

Orain dela 6, 7, 8 urte ezin zen transexualitateri buruz hitz egin, baina gaur egun, esan dezakegu gizarteak aurrera egin duela eta gai hauei eta beste batzuei buruz hitz egin dezakegula, baita informazio asko eskuratu eta barneratu ere. Beraz, zergatik ez dugu gai hauei buruz hitz egiten duen eskolarik? Haurrei bulba duen neska edo zakila duen mutila bakarrik ez dagoela irakasten dien eskola. Badaudela bulba duten mutilak edo zakila duten neskak edo bestelakoak ere.

Gure gizartean, mutilak maskulinoak eta neskak femeninoak izatea inposatzen da. Gizarte honek, ileak aurpegian ez dituzten neskak eta bizarra duten mutilak eskatzen ditu, baina kontuz, mutil guztiei ez zaie bizarra ateratzen eta neska batzuei ile asko ateratzen zaie aurpegian. Gauza bat da guk ikusten duguna eta beste gauza bat da benetan dena. Beti sailkapenak egin behar ditugu errealitatea ulertzeko. Baina zer da mutila edo neska izatea? Zergatik naiz mutila edo neska?



Ikerketa batzuek esaten duten moduan, denak intersexualak gara. Denok ezaugarri femeninoak eta maskulinoak ditugu. Batzuk ezaugarri maskulino gehiago dituzte eta beste batzuk femenino gehiago. Horrek anitzak egiten gaitu.

Adituek sexu identitatea 7 urterekin definitzen dela esaten dute. Aingeru Mayorren alabaren kasuan, 2 urterekin bere amari esan zion “Ama guapo no, guapa”. Aingeru Mayorren alaba, Alai, 2 urterekin definitu zen eta berarentzako ez zen nahikoa soinekoak jartzen uztea, beste pertsonek mutila balitz bezala tratatzen zuten bitartean. Bera den bezala tratatzea behar zuen. Bere identitatea ukatzen zen bitartean bera soineko arrosekin janzten zen besteak neska bat bezala ikusteko. Aldiz, ingurukoek bere identitatea onartu zutenean eta auzo guztiak neska bezala ikusi eta tratatzen zuenean Alai, ez zuen berriro arrosa koloreko ezer jantzi eta galtzak eramaten zituen. Balorean jarri behar dugu aniztasuna eta bakoitza den bezala onartu behar dugu.

Irakasle bezala inguru seguru bat sortu behar dugu, haur guztiak babestuak sentitzeko eta beraiek diren bezala azaldu ahal izateko. Irakasleok gai hauei buruz asko informatu behar gara, familiari prozesuan lagundu eta behar duten gurasoei irakasleok bidelagun izaten lortzen badugu arrakasta izan dugula esan dezakegu.

Teoria eta zenbait esperientzia entzun ondoren, unibertsitateko mutil transexual baten kasua ezagutu genuen bere eskutik. Kasu hau bere ahotik entzuteak guk transexualitateari buruz geneukan ikuspegia eraldatzeko aukera ezinhobea izan zen. Mutil honek berak jasandako prozesu guztia azaldu zigun, haurtzarotik gaur egun arte. Horrez gain, prozesuan izandako sentimenduak eta haren familiarekin izandako harremanak partekatu zizkigun.

Laburbilduz, gure iritziz, hitzaldi hau irakasle izango garenontzat ezinbestekoa iruditzen zaigu, gure geletan mota guztietako haurrak aurkituko ditugulako eta kasu horietako asko ezagutzea ezinbestekoa delako. Gainera, oso baliagarria iruditu zaigu hitzaldi hau transexualitatearen gaia lehen pertsonan bizi duen ikasleak ematea, bere sentimenduekin enpatizatu ahal izan dugulako.

Comentarios

Entradas populares de este blog

¿QUÉ ABARCA LA DIVERSIDAD?

¿ES POSIBLE LA “CLASE INVERSA” EN EDUCACIÓN INFANTIL?: UNA PROPUESTA Y UNA RECOPILACIÓN DE EXPERIENCIAS

REALIDAD AUMENTADA EN EDUCACIÓN INFANTIL